bertonaldizkaria

Laurogeita hamazazpi irratia

In BERTONekoak on urtarrila 9, 2014 at 11:25 am

97-Logo berria handia

Hogei urte luzetan Bilboko eta inguruko uhinetan entzun dugun Tas-Tas irrati libreak uda honetan bere atea itxi zuen. Bilbon, 80 hamarkadatik hona hainbat irrati libreren segida izan zenak, ez bakarra, jakina, baina bai indartsuenetakoak, lekukoa utzi dio beste irrati libre baten proiektuaren kimuari: 97 FM Irratia.

 Errautsetatik sortzen ari dena

Proiektu hau Bilbokoa baino, Bizkaizkoa da. Behin-behineko egoitza La Bolsa auzo etxean dauka, une honetan prekarioan daudelako oso-osorik. EKA-OCUri eskertu nahi diote Plaza Barrian duen egoitzan gela bat utzi izana, behin-behinean hori ere. Bertan, erredakzioa eta estudioa ipintzeko balio die. Leku paregabea, Bilboren bihotzean. Dagoeneko estudioa montatuta dago, eta euren asmoa da urtarriletik aurrera grabaketak egiten hastea: programak, kolaborazioak… une honetan Hala Bedik betetzen duen Bizkairako den programazioaren barruan. Zergatik den horrela? Oraindik FMko 97.0 dialean Hala Bedi entzuten delako. 97 irratiak ez dauka izenik, momentuz.

Zer da 97 FM Irratia?

Berez, kolektiboaren izena da, gerora irratiarena izango bada ere. Osaketa prozesuan ari da. Tas-Tas zenaren errautsetatik sortzen ari da, duela hilabete gutxi desagertu dena. Irailean emititzeari utzi zioten, eta desagertzeko erabakia abenduaren hasieran hartu da, batzarrean. Horretan, Tas-Tasek zeukan jabetza eta materiala Zaratas konpartsaren esku geratu da, baina beren-beregi agindu batekin: sortuko litzatekeen proiektuaren zerbitzura ipintzeko aginduarekin. Eta hala egin da. Plaza Barriko estudioan dagoena Tas-Tasena zen. Programak bain ez dituzte aldatuko, software librea ipiniko baitute ordenagailu guztietan.

Ahots ugariren ahotsa, isilik?

Itxiera ordenatua izan da Tas-Tasena. Kasik ez da sumatu, dialeko frekuentzia horretan Hala Bedi emititzen hasi zelako berehala, lekua ez galtzeko asmoz. Horrela gertatu da Tas-Tasek pertsiana jaisteko asmoa jakinarazi zuenean. Hala Beditik, kezkaz, galdetu zuten zer egin zitekeen irratia ezezik Bilboaldean dagoen Euskal Herriko irrati libreen arteko errepetidorerik garrantzitsuenetakoa, entzule kopuru handiena eduki dezakeena, ez galtzeko. Bilbo metropolitanoan milioi bat entzule izan daitezke.

97-arnotegin dagoen antena

Une honetan Hala Bedi ordaintzen ari da Arnotegi mendian dagoen errepetidoreak sortzen duen gastua, gastu handia. Bere programazioa da orain entzuten ari dena, eta berez, Tas-Tasek zeukanaren oso antzekoa, programa batzuk komunean egiten zirelako, goizez Suelta la olla eta arratsaldez Zebrabidea, hain zuzen.

Beraz, errepetidorearen mantentzea adostu zuten sei hilabetez, irrati proiektu berriaren prestaketari denbora emateko, hau da, errepetidorea mantentzeko kolektibo bat, eta gerora, irrati berri baten kimua izango zena osatzeko.

Eta osatzen ari da. Pacok adierazi digun bezala, Tas-Tasen Berimbau musika programa egiten zuen, “luxua da horrela irrati berria sortzea, lehen zegoen emisio berbera dagoelako eta, gainera, aukera guztiak dauzkagulako lasaitasunez hobetzeko”. Bai Hala Bedi bai Tas-Tasen laguntza ezinbestekoak izan dira aurrera egin ahal izateko.

97-Logo berria

Herri kolektiboen ahotsa

Tas-Tasen itxierarekin Bilboko herri mugimenduan kezka sortu zen, jakina, eta eragile ezberdinak elkartzen hasi ziren Tas-Taseko jendearekin, zer egin ikusteko. Eta hortik sortu da 97 FM Irratia. Proiektu berrian dabiltzanak pozarren dabiltza hainbat kolektibok beren lokalak eta bestelako bitartekoak eskaini dituztelako eta gogotsu daudelako.

Elkarte eta eragile horien iritzia kontutan hartu dute irrati berriaren oinarri ideologikoa antolatzerakoan, eta horretarako 97 FMren blogean inkesta txiki bat argitaratu dute. Alde batetik, iritzia eskatzen da eta, bestetik, proiektu berriarekin zelako lotura izan nahi den galdetzen da, zelako harremana mantendu nahi den.

Bazkidetza

Une honetan helburu garrantzitsuena gutxieneko bazkide kopurua lortzea da. Irratiak sendotasunez aurrera egin ahal izateko. Marka 100 bazkidetan ipini dute, hilero 10 euro ordaintzeko prest daudenak. Otsailean marka horretara heltzea espero dute.

97-Umeak1

Programazioari dagokionez, goizez, La Escotilla, El Gallinero zinema programa… telefonoz egiten direnak izango dira. Datozen hilabetetan, estudioa ganoraz muntatuta dagoenean, bertan grabatzen hasiko dira. Bizkaiko kronika ere mantenduko da, baita Facun argentinarraren Hegoamerikako kronika, Las Feuchas. Beste programa batzuk etxean grabatzen dituzte eta internetez bidez eskaintzen dira, La Biblioteka kasu. Zuzenekoak egiteko oraindik ez dute datarik ipini, 97 FM Irratia kolektiboak heldutasuna hartu behar duelako eta lokalak bestelako ezaugarriak behar dituelako, esaterako, antena ipintzeko. Baina orain lehentasunak bestelakoak dira.

Kolektibo partaideen aniztasuna dela medio, anitzak izango dira erabiliko diren hizkuntzak ere. Euskara, tartean. Era naturalean ematen ari da euskalduntze prozesua eta orain arte arratsaldez leku nagusia izan duen euskarari eutsiko zaio aurrerantzean ere.

Proiektuaren aurkezpenak

Urtarrilaren 2an, aurkezpen txiki bat egingo dute Zirika Gunean. Otsailaren 12an, Kafe Antzokian 97 FM Irratiak beste aurkezpen bat egingo du, Hala Bedirekin batera, bere 30 urteurrena ospatzeko, baita etxe horretako Bilbo Hiri Irratiaren 15 urteurrea ospatzeko ere. Aurkezpenak irratsaio formatua izango du, zuzenekoa, eta Hala Bedik ekoiztu duen dokumentala ikusi ahal izango da bertan.

Testua: Itxaso Perez

97irratia.blogspot.com.es

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: