bertonaldizkaria

‘Badu, Bada’ Alondegira heldu da

In Berriak on otsaila 25, 2014 at 3:38 pm

logo-badu-bada-euHiritarren hizkuntzarenganako interesa piztu nahi du ‘Badu, Bada’ erakusketak. Baita horien hausnarketa, eztabaida eta haien arteko elkarbizitzari buruz sakondu ere.

“Euskararen egiazko misterioa iraupena da, ez jatorria” idatzi zuen Koldo Mitxelenak. Misterio hori da Badu Badaren ardatza: euskararen iraupena. Hori abiapuntu hartuta, mundu eleanitzaz eta hizkuntzen arteko bizikidetzaz hausnartu eta eztabaidatzeko gunea da erakusketa.

Hizkuntza bizirik da hiztunik badu, ikasia bada, maitalerik badu, irakatsia bada, erakarmenik badu, bizia bada… Euskarak baldintza horiek guztiak bete dituelako iraun du, baina zein da bere etorkizuna egungo mundu eleanitzean?

2014-02-24_rueda_prensa_BADU_BADA-3

Erakusketa irekia

Euskararen errealitateak abiapuntu hartuta, hizkuntzaren (edo hizkuntzen) inguruko interesa pizteko plaza gisa planteatzen da Badu Bada; hizkuntzen arteko bizikidetzaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko, eta kultura eta hizkuntza aldetik anitzagoa eta aberatsagoa den mundua sustatzeko.

Badu Bada espazio aldakorra izango da eta edonork hizkuntzen iraupenaren eta bizikidetzaren inguruan esateko duena adierazi ahal izango du erakusketa fisikoan eta birtualean; webgunean, alegia. Hala, bisitarien ekarpenak erakusketak (fisikoa eta birtuala) aberastuko ditu.

Badu Bada, erakusketa izateaz gain, espazio egokia eta iradokitzailea izango da hizkuntza gutxituen ezagutza, onarpena eta promozioa ahalbidetuko duten ekintzak burutzeko. Hala, erakusketaren helburua lortzera bideratutako jarduerak antolatu dira: badubadatzen.

BADU1

Erakusketaren egitura

Erakusketa 10 gunetan banatua dago, eta hau da bisitariak aretora sartzean jasoko duen lehen mezua:

“Badu Badan hitz egin daiteke. Idatzi egin daiteke. Iritzia eman, kritika egin. Badu Badan argazkiak atera daitezke, bideoak egin, bidali eta partekatu. Erakusketa hau osatu egin liteke, eta aberastu. Egin liteke eta egiteko eskatzen dizugu”.

Erakusketako elementu batzuek (denak euskaraz, gazteleraz, inglesez eta frantsesez) datuak eman eta gaiak azaltzen dituzte, beste batzuek, ordea, helburu iradokitzailea dute. Hau da gune bakoitzaren deskribapena eta bertan irakurri ahal izango diren testuen lagin txiki bat.

Erakusketak 10 gunetan oinarritzen da:

1. (A)hotsak: hotsak entzuten dira, ahoskera, azentu eta tonu ezberdinetan. Hotsak ahots dira, ahots horiek hizketan ari dira.

“Hizkuntzak hotsak dira. Ahoz sortutako zeinu artikulatuak dira, gizatalde baten baitan zentzua dutenak. Guztionak dira, eta norberarenak. Hizkuntzak ahotsak dira”.

2. Kodeak: ode ugari daude: alfabeto lantindarra, braillea, zeinu-hizkuntza, kode binarioa… Denakirudikatzen dira aretoan.

“Hotsak kodeen bidez finkatzen dira. Behin ikur bihurturik, gizakien esanak gorde eta zabaldu egin daitezke, espazioan nahiz denboran.”

Gune honetan Axularren esaldi bat irakurriko da kode ezberdinetan idatzia: Dabilen harriari etzaika goroldiorik lotzen.

3. Hizkuntza bizia: hizkuntzak sistema biziak dira, etengabe eraldatzen direnak. Komunikaziorako balio dute eta giza-talde baten baitako sentitzeko. Baina zein baldintza bete behar ditu hizkuntza batek bizirik irauteko?

“Hizkuntza bizirik dago bizia bada, balio badu, erabiltzen bada, hiztunik badu,beharrezkoa bada, lurralderik badu, aldatzen bada, araurik badu, erakargarria bada, malgutasunik badu, ikuslerik badu, ikasten bada, eskolarik badu, irakasten bada, entzulerik badu, defendatzen bada, babesik badu, idazten bada, inprimatzen bada, mugitzen bada, ukitzen bada, ikusten bada, digitala bada …”

4. Euskara mundu eleanitzean: Euskara Europako 64 hizkuntzetatik bat da (sapaitik zintzilikatutako bola handiez irudikatzen dira hizkuntzak). Munduan 200 estatu eta 6000 hizkuntza inguru dago. Beraz, hizkuntzen mapa eta estatuen mapa ez datoz bat.

“Hizkuntzarik mintzatuenak dira komunikaziorako baliagarrienak. Horrek ez du esan nahi hobeak direnik, edota geure aroari hobeto egokitzen zaizkionik. Hizkuntzen iraupenak, hazkundeak edo nagusitasunak ez du hizkuntzaren beraren gaitasunekin zerikusirik: botere politiko, sozial, ekonomiko edo militarren emaitza dira. Hizkuntzen artean ez dago berezko hierarkiarik.”

5. Euskararen iraupena: hizkuntza guztiak datoz lehenagoko hizkuntzetatik; euskararen iturburua, ordea, ezezaguna da. Ikus-entzunezko batean ikusten dira hizkuntzek historian zehar Europan izan duten presentzia. Hemen agertzen da erakusketaren ardatza den esaldia.

“Euskararen egiazko misterioa euskararen iraupena da, ez jatorria”, Koldo Mitxelena.

6. Euskararen herria: non eta zenbat hitz egiten da euskaraz? Zein da euskaldunaren soslaia, eta zer da euskaldun izatea?

“Euskalduna” euskara duena da. Euskal Herriak “euskaldunen herria” esan nahi du”.

Euskaldunak bere burua hizkuntzaren bidez definitu izan du; beste gizatalde batzuek, berriz, nongotasuna edo lurraldetasuna lehenetsi izan dute. Hiztunen kopurua ez da nahikoa hizkuntzaren erabilera bermatzeko, komunitaterik ezean ez baitago komunikaziorik. Hedabideek, prentsak, telebistak, internetek eta batez ere, kulturak eraikitzen dute hiztunen arteko komunitatea.

7. Erabili, maitatu, ikasi, irakatsi: lau alderditatik erantzuten zaio hizkuntzaren iraupenaren kezkari: hizkuntzak iraun du komunikaziorako tresna egokia delako, herri-ahaleginari eta borondateari esker, eta askok ikasi dutelako eta irakastea bultzatu dutelako. Horregatik, kale bat, kiosko bat, euskaraz hitz egitea debekatua zegoeneko euskaltegi bat… irudikatzen dira gune honetan.

“Hizkuntzak bizirik daude eguneroko jardunean erabiltzen badira, edozein komunikazio-premia asetzeko balio badute. Hizkuntza oharkabean eta modu naturalean erabiltzeko, ezinbestezkoak dira, hiztunentzat nahiz hizkuntzarentzat, normaltasun-esparruak.”

8. Gozatu, jolastu: hemen euskaraz ekoitzitako antzerki, literatura, irratsaio eta abarrez gozatzeko aukera egongo da, eserita, eroso. Gainera, euskararekin jolasteko txokoa da hau.

“Gozatzeko balio badu biziko da hizkuntza bat. Esparru ez-formaletarako, euskaldunak hizkera ez-formalak behar ditu. Euskarak baditu baliabideak. Euskararekin jolas egin, euskaratik”

9. Hizkuntzen elkarbizitza: hizkuntzen bizikidetzarekiko zailtasunak eta euskaraz aritzeko eragozpenak planteatzen dira hemen. Hausnarketarako eta eztabaidarako bide ematen duten egoerak erakutsiko dira.

“Estres linguistikoa esaten zaio norekin, non, noiz, zein hizkuntza aukeratu erabaki beharrari. Hizkuntza bakarra dakienak ez du zalantzarik; eta dakien hizkuntza hizkuntzarik boteretsuena bada, ez du izaten berea erabiltzeko zilegitasunaz dudarik. Ez du izaten estres linguistikorik”.

10. Agurra(k): ibilbidea amaitu aurretik azal, kartel eta abarrez jositako aretoan sartuko da bisitaria. Agurtu aurretik, euskal kulturan murgiltzeko gonbita egingo du, beraz, Badu Badak.

BADU2

Programazioa

  • Haurrentzako tailerrak: Ipuin Miresgarriak.

Egunak: Asteartetan, martxoak 4 eta apirilak 8, 17.00etatik 18.00etara. Tailerrak zenbait euskarritan hurbilaraziko du irakurketa, eta beste haurtxo eta familia batzuekin elkartzeko, jolasteko eta afektua erakusteko erabiliko da.

  • Zientzia eta Teknologia hitzaldiak

“Ahots azterketa”

Makinak hizketan dabiltzanean. Aspaldiko erronka da izaki bizigabeei berba egiteko eta gizakion berba ulertzeko gaitasuna ematea. Hitzaldi honetan, gizakion ahotsa era artifizialean sortzeko egin diren hainbat saiakera aurkeztuko ditugu, erabilitako tekniken deskribapenarekin batera. Halaber, birpasatuko dugu testu bat mezu akustiko zelan bihurtzen den eta gaur egungo teknikak zelan erabil daitezkeen. Azken finean, ahotsaren tratamendu digitalak eskaintzen dituen aplikazio-bide ugarietariko batzuk aurkeztuko ditugu. Hizlaria: Inma Hernaez Rioja EHUko irakasle katedraduna da, Seinale eta Komunikazioen Teoriaren arloan. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan dihardu irakasle. Martxoak 6, 19.00etan.  

Sarea: Euskara modu berritzailean sustatu eta nabarmentzeko aukera”

Internet eta teknologia gure eguneroko bizitzaren esparru bihurtu zaizkigu azken urtetan. Eta sareak aukera handiak eskaintzen dizkio euskarari; gure hizkuntza sustatu, nabarmendu eta egitasmo parte hartzaile eta berritzaileak sortzeko. Hau da, hain zuzen ere, Azkue Fundazioak burutzen duen lana: euskara era moderno eta atseginean aurkeztea, erabilpena sarean sustatzea eta egitasmo interesgarri eta parte hartzaileak bideratzea. Ezagutu nahi dituzu? Martxoak 12, 19.00etan.

“Robot-bertsolaria. Zientzia ala fikzioa?”

Bertsoa aipatzean burura datozkigu berehala jolasa, inprobisazioa eta hizkuntza. Robota aipatuz gero, berriz, errazago lotuko genuke lana, errepikapena eta makina bezalako terminoekin. Beraz, robot-bertsolari adierazpenak kontraesana dirudi bere horretan, oximorona. Apirilak 10, 19.00etan. Orduan, posible ote da robot batek bertsotan egitea? Zeintzuk dira horretarako beharko lituzkeen gaitasunak? Galdera horiek buruan ditugula, robotika eta hizkuntz-teknologietan barrena egingo dugu bidaia. Bertsolarien gisan, tradiziotik jasoa gaur egunean txertatzen ahaleginduz. Hizlaria: Aitzol Astigarraga.

  • Aurrez Aurre

Karmele Jaiok Maria Eugenia Salaverrirekin arituko da solasean “Musika airean” obren inguruan (gaztelaniara itzulita dago: “Música en el aire”) eta “Ez naiz ni” (itzuli barik dago). Martxoak 13, osteguna, 19.00etan.

Maite Gurrutxagak Mikel Soto Txalapartako editorearekin batera, “Habia” komikia aurkeztuko du. Martxoak 20, osteguna, 19.00etan.

Itxaro Borda Goizalde Landabasorekin arituko da solasean, idazle gisa bizi izan dituen esperientziei buruz, eta Gu(haur) arrotz(ak) / À n(o)us mêmes étrange(r)s aurkeztuko du. Hain zuzen ere, testu horretan oinarritzen da David de Souza idazle eta abeslariarekin partekatzen duen izen bereko testu eta musika ikuskizuna. Martxoak 5, asteazkena, 19.00etan.

Bizkaiko kopla zaharrak”

Xabier Amuriza, bertsolari, idazle, itzultzaile, ikertzaile, musikari eta politikaria, XX. mendearen amaierako euskal poesia inprobisatuaren berritzaile handienetzat dago hartuta. Hitzaldi honetan, Amurizak euskal abesti herrikoi zaharren aukeraketa bat aurkeztuko du. Martxoak 19, asteazkena. 19.00etan.

  • Badu Bada komiki tailerra

Martxoak 22 eta apirilak 12 larunbatetan 11.30 – 13.30

Tailerraren helburua da gazteek euskararen, gure hizkuntzaren, egungo egoeraren gaineko gogoeta egitea, eta, era berean, euren ikuspuntua adieraz dezaten, irudimena garatuz eta sormena era dibertigarrian erabiliz. Tailerra Pernan Goñik emango du. 8 eta 12 urte bitartean.

  • Kontu Kontari

Martxoaren 8 eta 9an eta apirilaren 5 eta 6an 0 eta 6 urte bitarteko umeentzat. Saio bikoitza 17.30ean eta 18.30ean. Irakurketa hurbildu nahi zaie umeei euren adinen liburuen bitartez.17.30etik 18.30era eta  18,30etik 19,30era Balio Anitzeko aretoan.

  • Bisita bereziak

Asteazkenetan, 19.00etan. Publiko guztiari zuzendutako bisita bereziak kultura eta kirolaren munduko pertsonaiek egingo dute.

BADU BADA

alhondigabilbao@alhondigabilbao.com

944 014 014

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: