bertonaldizkaria

Ramon Basterra: “Gomendagarria da asegurua egitea mendian ibiltzeko”

In BERTONekoak on azaroa 6, 2013 at 3:37 pm

Ramon Basterra6

Santutxuko Mendizale Taldeko presidente da Ramon Basterra. Azken 28 urteotan klubeko karguari eutsi dio beste lau taldekidek bezalatsu. 40 urte bete dituen mendi taldeko zuzendaritza taldeaz ari gara. Eta nola ez, mendia izan dugu hizketagai nagusi.

Zein da 40 urteren ondoren Santutxuko Mendizale Taldearen osasuna?

Standby-an dago, geldirik, jende berria ez datorkigu elkartera. Ea gazteak etortzen diren bultzada emateko eta aldaketa emateko.

Belaunaldi berriak ez dira elkartera hurbiltzen?

Denetik ikusi dugu elkartean, etorri zaigu jende berria, taldeak… baina 40 urtetik gorakoak. Gazteak etortzea erreleboa ematera gauza ona izango da.

Zuzendaritza taldeko bost pertsonak 28 urte daramazue karguan. Meritua zuena.

Javier Valencia batzordekide, Sagrario Basterra idazkari, Miren Lejarza diruzain, Alfredo Gonzalez presidenteorde eta ni neu presidente gara zuzendaritza taldea. Giro ona daukagu, barre asko egiten dugu, hori da gure gozamena.

Zein da zuzendaritza taldearen lana?

Gure lan nagusiak dira bi, hiru hilero interesa dutenak federatzea eta mendi irteerak prestatzea, informazioa batzea eta jendea mendira eramatea.

Taldearen 42. urteurrenean, 2015ean, egungo zuzendaritzak 30 urte beteko ditu karguan. Ospakizunak ordurako utziko dituzue. Zer egingo duzue?

Urriko urteroko Santutxuko Mendi Martxa Neurtua baliatuko dugu urteurrena ospatzeko 2015ean. Hitzaldiak, ikus-entzunezkoak eta irteerak antolatuko ditugu, apur bat desberdin egiten ahaleginduko gara.

Mendiko gaietan aldaketak aurreratu ditu Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, mendian arduragabe jokatuz gero helikopteroaren erreskatea ordainaraztea. Zer deritzozu?

Euskal Autonomia Erkidegoan oraindik orain ez da horrelakorik kobratzen. Pentsatzen ari dira denei kobratu, arduragabe jokatzen dutenei… Frantzian eta hor zehar sekulako egurra ematen dute. Hona helduko da hori. Egia da, batzuk txarto jokatzen dutela mendian. Baina horrenbesteko egurra ematea? Nire ustez asegurua egitea mendian ibiltzeko ez da ideia txarra. Gomendagarria da. Ikusita daukat Anboto puntan 60 urteko gizon bat zapatekin. Zer edo zer gertatuz gero zer?

Mendiko hainbeste ezbeharren berri ematen dute komunikabideek urtero. Himalayan bakarrik ez Anboton ere gertatzen dira.

Komunikabideek diotenarekin osatzen du iritzia jendeak. Informazio iturri hori bakarrik daukagu, ez daukagu gehiago. Baina mendiko ezbeharren inguruan egia jakiteko informazio osatuagoa behar da. Batzuk diote mendizale bat bakarrik utzi zutela edota hau eta bestea egin zutela… Gure irteeretan arduradun batzuk aurretik eta beste batzuk atzetik joaten dira, azkenak beti babestuta doaz. 40 urtetan denok bueltatu gara etxera beti.

Bilbao Alpino Clubeko irteera batean, aurtengo udaberrian, Gredosen, taldekide bat hil zen. Zelan gogoratzen duzu kasua?

Kristoren egurra eman diote klubari. Komunikabideek beldurra zabaldu dute, mendizale taldeekiko beldurra. Jende heldua eramaten dugu irteeretara eta denek dute aukera nahi dutenean gelditzeko edota joateko. Clubeko presidentea egurtzea? Oso gogorra da hori niretzat. Ez nuke nahi Alpinoko presidentearen larruan egon. Horregatik diotsut, ez dakidala zer esan kasu honen inguruan. Alpinoko presidentearekin hitz egiten dudanean, orduan bai, izango dut iritzia.

Santutxuko ‘Sei izar’-en kasuan ere jarrera bera izan zuten komunikabideek?

Esperientzia gabeko sei gazte neguan Pirinioetan zelan sartu ziren kritikatu zuten komunikabideek orduan, gazteak ezagutu gabe. Aurreko egunean Balaitusera igo ziren eta horretarako esperientzia behar da. Ni neguan ez naiz inoiz Balaitusera igo eta 40 urte daramatzat mendian. Istripua izan zen, gertaera saihestezina.

Hilean behin mendi irteera bana antolatzen duzue. Zenbat auzotar animatzen dira?

Garai batean bizpahiru autobus betetzen genituen irteeretan. Orain, berriz, arazoak dauzkagu autobus bat betetzeko. Diru apur bat ipini eta ateratzen dugu azkenean. Horrela daude gauzak.

Geroz eta mendizale gehiago dago eta geroz eta elkartekide gutxiago. Zelan da posible?

Ez dakit. Artxandara eta Pagasarrira 15.000 pertsona joaten dira eta gurean egun bakarreko irteerara 40.

Zer ematen du Santutxuko Mendizale Taldeak? Agian jendeak ez du elkartearen lana ezagutzen.

Jendea Euskal Herria ezagutzera eramaten dugu: herriak, mendiak… hori da gure lan handiena. Horrela jakingo dute nora joan eta nola ibili. Mendira bakarrik joan ordez hilean behin taldean joateko aukera ematen dugu, eta taldean beste giro bat sortzen da. Informazioa ere ematen dugu, ibilbideak direla edota aterpeak direla. Liburu piloa dauzkagu elkartean.

Orain Interneten aurki daiteke mendiko informazio asko.

Bai, egia da, agian erruduna Internet izango da. Kar, kar, kar… Horren aurka ez daukagu zereginik.

Zenbat bazkide ditu Santutxuko Mendizale Taldeak?

Une honetan 260 bazkide gara elkartean, horietatik federatuta 220 egongo gara. Talde ona da, Bizkaian laugarren edo bosgarren talde handiena izango gara.

Santutxuko Mendizale Taldeak  urteak eman ditu Gorbeian duen aterpea konpontzeko dirua biltzen. Zelan dago aterpea?

Konponduta. Oheak daude, koltxoiekin, ura ere badago, komunak, sukaldea… Datorren urtean, udaberrian, asteburu pasa joateko ondo egongo da. Orain neguan joan daiteke, baina hotz egongo da.

Neguan izotza eta elurrarekin mendia arriskutsu bihurtzen da. Jendea konturatzen al da?

Gure irteeretan aurretik doazenek zapaltzen dute elurra atzekoei bidea errazteko. Bakarrik joaten den jende askok ez du arriskua ikusten. Gehiago pentsatu beharko lukete.

Gaur egun zenbat eta urrunago joan eta zenbat eta gorago igo hobe dela dirudi. Ados zaude?

Oso ezberdinak dira Artxanda eta 3.000 metroko edozein mendi. Altitude handiak beste gauza bat ematen du. Baina 3.000 metrotik gora igotzeko prestatuta egon behar duzu. Hemengo mendiak, gure ingurukoak, prestaketa horretarako onak dira. Iñurrategik hori zioen, Aizkorrin hasi zela bera. Gure herrian oso mendi politak ditugu, ezagutu beharko genituzke. Hainbeste leku eder dauzkagu eta ez ditugu ikusten.

GPSa daramazu mendira?

Nik ez, baina taldekide batek bai. Euskal Herrian herri askok mendi ibilbideak balizatuta dauzkate. Horrela nahiko ondo ibil daiteke. Iparrorratza eta planoa ere eramaten ditugu, ez ditugu erabiltzen, baina badaezpada.

Eta motxila barruan zer?

Aldatzeko arropa eta zapatilak, janaria eta ura. Ura da gauzarik garrantzitsuena.

Edari energetikorik?

Ez, garagardoa baino ez, ibilbidea amaitzean.

 Ramon Basterra3

GALDERA LABURRAK

Bilboaldeko gogoko mendi bat? Ganekogorta

Bizkaikoa? Durangaldeko edozein, Alluitz, esaterako

Euskal Herrikoa? Hiru Erregeen Mahaia, Txindoki, Beriaien…

Mendira bakarrik ala taldean? Taldean, baina talde txikian

Barra energetikoa ala ogitartekoa? Janaria: txorizoa, gazta…

Zahatoa ala kantinplora? Lehen ardo zahatoa, orain kantinplora

 

Testua: Lur Mallea

Argazkiak: Iñigo Azkona

Utzi iruzkina